Boluntarioak eta finantziazioa


Bilaketak garatzen dituen gainerako arloetan bezalaxe, programa hau aurrera eramaten duten lagunek (antolatzaileak, irakasleak eta gainerako pertsonak) lan boluntarioa egiten dute, egiten duten lanagatik ez dute inolako ordainsaririk jasotzen. Hala ere, FYADUk antolatzen dituen jarduerak garatzeak gastua sortzen du (papera, posta, eskola-materiala, fotokopiak, doako dei-lineak sortzen duen gastua…); horiek guztiak erakunde publiko nahiz pribatuek egiten dituzten ekarpenekin, eta matrikula-tasekin ordaintzen dira. Matrikula-tasa ikasleek irakasgai bakoitzagatik ordaintzen duena da. Tasa horiek bi tarte dituzte: bat 18 urtetik 54ra bitarteko ikasleentzat, eta, bestea, txikiagoa, 55 urtez gorakoentzat. 70 urtez gorako ikasleek matrikula dohainik dute. Halaber, ordaintzeaz salbuetsita daude minusbaliatuak, familia ugariak eta arazo ekonomikoak dituztenak.

Entitate honen finantzabide garrantzitsu bat FYADUren lagunak izeneko programa da. Horren bitartez, edozein pertsonak, entitatearekin lotura izan nahiz ez, lagun dezake dirutan urtean diru-ekarpen bat eginez. Ekarpen horiek FYADUk programara atxikita dauden pertsonei ematen dizkien zerbitzuen bitartez konpentsatzen dira: doako matrikulazioa beren irakasgaietan, deskontuak antolatutako kultur bidaietan, eta abar. Gainera, programan parte hartuko dutenek Cum Laude asegurua izango dute doan. Aseguru horren kuota gainerako ikasleek ordaindu beharko dute matrikula egiterakoan.