Miguel José Azanza y Alegría


Miguel_Jos_Azanza_y_AlegraMiguel José Azanza y Alegría

1793an Gerraren departamentua eman zitzaion, baina Godoyren aurkakoa zenez, armadaren intendente gisa bidali zuten Rosellora. Handik Ricardos jeneralaren garaipena lagundu zuen Frantziako Konbentzioaren aurkako kanpainetan (1793). Urte horretan Euskalerriaren Adiskideen Elkartean sartu zen merezimendu handiko bazkide gisa.

52 urte betetzean Espainia Berriko erregeordea izendatu zuten; kargua 1798ko maiatzaren 31n hartu zuen eta bertan oso harrera beroa egin zioten, Branciforte erregeordeak tropa ugari metatuak zituelako Jalapan, eta horrek sos asko xahutzea ekartzen zion Espainia Berriko ogasunari. Azanzak pixkana-pixkana erretiratu zituen, batez ere probintzia mailako erregimentuak. Era horretan aurreztutako dirua erabilita San Blas portua gotortu eta armatu zen; hain zuzen ere, lan horretan ari zen Azanza, administrazioan egon zen hasierako bi urteetan, 1799an Matxeteen Konspirazioa ezagutu zutenean. Azanzak galarazi zuen mugimendu hark Mexiko askatzea zeukan helburu.
Bere agintepean industria eta merkataritza bultzatu ziren, bereziki zetaz, kotoiz eta ilez egindako eskulanak. Aldiz, 1799ko uztailean Acapulcoko zati handi bat hondatu zuen urakanari eta 1800eko martxoko lurrikarari ere aurre egin behar izan zien.
1800ean Espainiara itzuli zen Estatuko kontseilari aritzeko, Godoyk erbesteratu zuen arte. Aranjuezko matxinadaren ondoren, Fernando VII.aren Ogasun ministro izendatu zuten (1808). Napoleonen aldekoa zenez, José Bonaparte aitortu zuen, eta leialtasunez aritu zen horren alde. Jose I.ak Indietako ministro izendatu zuen, eta, hurrenez hurren, Justiziako, Eliza Gaietako eta Kanpo Arazoetako ministro, Granadako errege komisario, Santa Feko duke eta Toisón ordenaren zaldun. Baionako Konstituzioa idatzi zuen Notableen Batzarraren buru izan zen. 1810ean Parisa bidali zuten Espainiako enbaxadore.

Frantsesak Espainiatik kanporatuta, Azanzak Frantziara alde egin zuen heriotzara zigortu eta bere ondare guztiak konfiskatu eta gero. 69 urte beteta Memorias izeneko liburua argitaratu zuen. Bertan, historia-gertakari oso interesgarriak biltzen ditu, eta 1808tik 1814ra hartu zuen jarreraren zergatia azaltzen du. 74 urterekin Frantziatik itzuli zen, amnistia lortuta, baina oraindik ere frantsestuekiko gorrotoa bizirik zegoenez, egokiago jo zuen beren egoitza Frantzian bertan izatea.

Bordelen hil zen 1826ko ekainaren 20an.